Descripción
Lisabök ematen duen urrats bakoitza gertakari txiki bat da. Ez dira ugariak, beraien kontzertuak esperientzia desarmagarriak dira, eta antzeko talderik ez dago. Zuzenean ikusi nituen lehen aldiarekin akordatzen naiz, Madrilen, Anari eta Dut taldearekin egindako biran. Sorrarazitako zirrarak, oraindik ere, neure baitan dirau. Orduan pentsatu nuen behin batean bakarrik ikusitako Fugaziren kontzertua adina gustatu zitzaidala. Denborarekin, oroimen biziagoa dut Lisabören kontzertu harekin Fugazirenarekin baino.
Animalia lotsatuen putzua disko akigarria da. Etenik gabe entzutea unagarria da. Hala ere, entzunaldia etetea ez da erraza. Haiek diote zenbait hilabetetan eta hainbat saiakera egin ondoren diskoaren oinarria lau astetan gauzatzen dutela, eta grabatzera sartu baino lau egun lehenago erdia ere aldatzen dutela. Datak azken mu- turreraino eramaten dituzte. Denborak hala agintzen die, eta ezin gehiagoko larritasun horretan lan egiten ikasi dute. Lehen entsegutan ikusi zuten disko honen kantuekin zuzenean jotzen gozatuko zutela. Oinarrizko kantu eta egiturak. Zati leun eta bortxaz beterikoak. Ez dute aldez aurretik pentsatu: horrela atera da. “Gutxien pentsaturiko diskoa, zalantza barik”, diote. Martxel Mariskalen testu grinatsuek osotasunari koherentzia ematen laguntzen dute, baina sei kantuok berez egiten dute arnas. Hain atmosfera itogarrian egitea eta emaitza halako bizitasuna izatea konponbide zaileko misterioa dugu. Ez da erraza Animalia lotsatuen putzua diskoak Lisabören 45 minutu energikoenetan gordetzen duen tentsioa deskribatzeko hitzekin ematea. Eta aipatu energia da, zenbaitzutan frenetikoa, amaieran ezusteko argia ematen duena. Energia horrek taldeak dramatiko gisa definitu duen garatze prozesu bat, itxaropena trasmititzeko disko bihurtu du, nik aspaldian entzundakoen artean, gaitasun hori gehien duenetarikoa. Egin beharra erraza duzu, bat-batean sartu eta indarrez eutsi bertigoari.
Roberto Herreros



