Seleccionar página

epilogo bat

Rango de precios: desde $5.00 hasta $10.00

Soinu teknikaria: Martxel Arkarazo.
Ekoizpena: Karlos Osinaga eta Anari, Garate studioa, Andoain.

Masterizazioa: Jonan Ordorika, Mamia Mastering, Azkarate.
Azala eta diseinua: Savanna Studioa.

SKU: N/D Categoría:

Descripción

Badira obra baten amaiera borobiltzeko erabiltzen diren epilogoak, muinean iradokitako ideia garrantzitsuenak betirako gure buruan iltzatuta geratzeko egileak ematen duen azken mailukada baten modukoak. Erabat lotu gabe utzi den istorio edo pasadizo bati bukaera ematen diote beste batzuk, edo behin kontatu beharrekoak kontatuta, egileak, artelan hori sortzera bultzatu zuten bizipenen edo artelan horrek beragan utzitako aztarnen berri emateko balio izaten dute ere. Honelakoetan, ateen itxiera ikusi eta kisketaren kolpea entzuteko ere gai gara. Baina badira, telesailetako denboraldien azken kapituluetan bezala, ate batzu ixten dituzten heinean beste istorio berri eta posible batzuren ateak irekitzen dituzten epilogoak.

Anariren “Epilogo” honek, aurreko guztietako bakoitzetik pittin bat duela esango nuke. Gure “Aurrekari penalen” makrojuizio intimorako epaitegiaren ateak itxi eta kalera ateratzeko beharra sentitu dugu danok. Latza, mingarria eta aldiberean, gozagarria eta ederra suertatu da saioa. Horrexegatik, azken mailukada bat gustura jasotzeko prest gaude oraindik, obra zoragarri hura betirako gure bihotzean iltzatuta gera dadin, eta aurrerantzean, noizean behin, parentesi bat eskeiniko diogu gure bizitzetan bere lirika hunkitzaileak astindu gaitzan. Baina, itsas mareak piskanaka jaten duen hondartzaren moduan, gure bizitza horien mugak ikusten hasi gara eta epaiketetarako astirik ez dugu iada. Egindakoak eta esandakoak ezin ditugu ezabatu, eta haiei
esker gara gaur garena. Gure gaurko barne produktu gordinean, zauriak eta laztanak, sua eta izotza, pakea eta gerra gordetzen ditugu eta gu, gure buruaren antonimoa izan gaitezkeela ikasi dugu, eta antonimo hori onartzen eta maitatzen hasi ere. Melankolia, hipokondria eta ansiolitikoen gaixotasun kulturaren espetxe erosotik jauzi egiteko unea iritsi da. Beldurrik gabe, itsaslerro infinitoari begiratzeko garaia da.

Guzti hori eta askoz gehiago iradokitzen dit Anariren epilogo honek. “Zure Aurrekari Penalak”-i lotuta dago noski, disko hartarako grabatu eta azkenean kanpoan geratutako abesti edota abesti pusketatik jaio baita, “Laugarren Azalberritzea” moduko kantuen dotorezia okre horrek ederki gogorarazten digun bezala. “Intro”aren goxotasun herrikoiak disko guztiaren tonua aldatzen du, ordea, eta oinarrizko laukoteari han eta hemen gehitu zaizkion artista gonbidatuek ñabardura berri eta freskoak ekarri dituzte. Beñardo Goietxeren ahotsak kontrapuntu pop argitsua ematen dio “Parentesi Arteak”-i ,eta “epilogo” kantuan, Karlos Osinaga Txap-e adoreak bultzatuta, Anarik aspaldian egin duen doinu pop-rockero garbiena eta ziztagarriena eskeintzen digu. Baina, agian, Audience-ko Ruben Garate-ren esku soinua eta bereziki Ager Isunza-ren biola dira azalberritze honen eragile nabarienak eta “piromania”-ren sentsualitate hipnotikoan diskoaren harribitxi liluragarrienaren ateak bete betean irekitzen dizkigutenak. Agur, Anari. Kaixo, Anari.

Antton Iturbe

Información adicional

Peso 0.070 kg
Euskarria

CD, DG