Descripción
Mikel Laboari entzun nion lehen kantua Liluraren kontra izan zen. Kontzienteki entzun esan nahi dut. Batxilergoan izan zen, 80ko hamarkadaren erdialdera, euskarazko klase batean. Oso ondo oroitzen dut egun hura, euskalduna izatea gaizki ikusita zegoen Donostiako ikastetxe pribatu hartan euskarazko kantu bat entzutea gogoratzeko modukoa zelako, besteak beste. Hain zuzen, ez zen berriz gertatu. Geroztik ez du kantua ahaztu, ezta Bertolt Brechten hitzak ere, baina bizitzan gertatzen zaizkigun gauza gehienekin bezala, ez nuen pentsatzen 25 urte geroago une hartaz gogoratuko nintzenik, are gutxiago Laboaren omenezko disko bati buruzko testu bat idatziko nuenik. Kontua da Laboa entzuten dudanean edo norbaitekin hari buruz hitz egiten dudanean maiz etortzen zaidala burua egun haren oroitzapena, eta gerora ohartu naiz hizkuntz komunitate bateko partaide izatearen sentimendua nigan errotu eta indartu zedin egun hark izan zuen garrantziaz.
Hala eta guztiz ere, Laboarengana rockaren bidez iritsitakoen belaunaldikoa naiz. Kortatu, Negu Gorriak eta Txerokee diskoaren bidez hasi nintzen, lehenik eta behin, Laboa kontuan hartzen -antza, Liluraren kontra-ren lehen entzunaldi hark sorturiko lilura ez zen nahikoa izan; nire nagusien oniritzia behar nuen-. Aitortzen dut hasieran ez nuela ulertzen zerk lotzen zuen ile-eta jantzi-urdineko kantari hura rockero gazteekin, edo alderantziz, zer zela medio M-ak bezalako talde aurreratu batek aldarrikatzen zuen Laboa… eta batez ere, hauxe zen nire buruari egiten nion galdera: zer zeukan Laboak, hardcoretak, rockabillyak, heavyak, trikitilariak, raperoak eta abar ados jartzeko? Handia behar zuen izan. Hurrengo urteetan, Laboaren obran eta nortasunean murgildu ahala, hariak lotzen joan nintzen, eta ulertu nuen zergatik denek hitz egiten zuten miresmenez hari buruz, zergatik eskatzen zioten, arren, beren diskoetan abesteko; zergatik maite zuten horrenbeste, azken finean.
Hogei urte igaro dira Txerokee-tik Txinaurriak-era, eta dagoeneko ez zaigu arraroa egiten Euskal Herriko rock taldeek Laboaren kantuak bere egitea. Are gehiago, disko hau noiz iritsiko zain geundela esango nuke. Euskal Herrian gaur egun egiten den rock interesgarri eta berritzaileenaren lagin zabal bat bildu da bertan, eta diren guztiak ez badaude ere, dauden guztiak dira. Izen klasikoetatik hasita (Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Ama Say…), izateko bidean direnak (Lisabö, Berri Txarrak, Anari, Atom Rhumba…), azken aldian nabarmendu direnak (Mursego, Gora Japon, Willis Drummond…) eta berri-berriak diren proposamenak (Dilistak, Gabon Calígula). Jarrerak, hain definigaitz eta lausoa den kontzeptu horrek, batzen ditu denak Laboarekin. Musikarekiko jarrera ausarta, arrisku zalea, askea, irekia, inkonformista… Nago bIDEHUTSek halako disko bat egitea nahi zuela, baita lortu ere.
Kantu baten moldaketa egitea eta kantu horren edo sortzailearen izpiritua transmititzea, norbere nortasuna galdu gabe, bi gauza diferente dira. Txinaurriak -Oso izen egokia bildumarako-behin eta berriz entzun ostean garbi geratu zait bertan jasotako bertsioak bigarren multzo horretan sartzen direla. Gaur egungo rock disko bat da Txinaurriak, gitarren rock diskoa, esperimentala zenbait zatitan eta klasikoa bestetan, sarri gordina eta exijentea, baina atsegingarria beti: entzunaldi bakoitzarekin gehiago disfrutatzen da. Hala gertatu zait bederen.
Zalantzarik gabe, Mikel Laboak merezi zuen omenaldia da. Seguru nago gustatuko zitzaiola.
Jon Eskisabel (Berria)



