Descripción
“Hobe entzuten da edozein doinu zalaparta orotik urruti” idatzi zuen Xabier Montoiak bere «Hemen” diskoa ixten zuen “Bap-entzako kantua”-ren letran. Esan daiteke Andoaindarrei egin nahi izan zien omenaldian azpimarratu zuen ideia horrek bere ibilbide osoan jarraitu duela.
Zalaparta handirik ez egiteak, ez du bere kasuan (ezta Bap!-enean ere) zerikusirik landu izan duen musika estiloarekin. Badira zarata txikia egin arren zalaparta handia sortzen duten musikariak eta baita zarata handia egin arren zalapartarik egiten ez dutenak ere. 1996 inguruan bakarkako ibilbide musikala abiatu zuenetik zarata-maila ezberdinak maneiatu ditu bere lanetan: «Hemen” (1997) rockeroak, Husker Dü moduko taldeen oihartzunak zekartzan. “Lagunak, adiskideak eta beste hainbat etsai” (1999) rock-a lasaiago eta pop-etik gertuago kokatu zuen. “Beti oporretan” (1995) lehena jaio arren, beste bien arteko balizko nahasketa bat izan zitekeen, baina aldi berean estilo ugari dastatzen zituena, musika beltzean oso errotua. “Ni ez naiz Xabier Montoia» (2002) diskoan aurpegia aldatuta eta gaztetuta agertu zitzaigun, soinu distiratsuagoz, elektronikan eta esperimentazioan muturra sartzen hasia. Elementu horiek areagotu egin ziren erabat elektronikoa eta grabatu bai, baina sekula argitaratu ez den Deus Guti (2005) izenekoan.
Hamar urte geroago disko berria kaleratu du, eta askok diskoa entzun eta gero esango dute apalago datorrela Montoia. Baina ez. Montoia beti etorri izan da apal, zalapartarik egin gabe. Beste kontu bat da esatea disko honetako kantuek zarata txikiagoa egiten dutela. Horretan ados egon gaitezke. Inoiz baino biluziago agian, kanta batzuk pianoaren nota apur batzuetan etzanak, besteak gitarraren eta txeloaren pizzicatoak gidatuak, konturatu orduko kantu horiek guztiak entzun, dantzatu eta sentitu ditugu. Serioak eta sakonak izaten dakiten arren transzendentalismoaren komunzulotik joaten ez diren kantuak eta testuak dakarzkigu oraingoan ere, pop kantuak egiteko halako berezko erraztasun eta abilezia baduelako nonbait. Baimenik eskatu gabe lelo biribilak botatzen dizkigu eta gure baitan paratzen dira, egun osoan hagin artean errepikatu arren gogaitzen ez gaituztelarik. Zalapartarik txikienak ere oihartzun handia lortu dezakeelako, nahiz eta ez den egunero gertatzen.
Oraingoan ere, egungo musikarien arteko ipurterreenetan jarri du begia bere banda osatzeko, eta ziur aski beraiek gabe disko hau oso bestelakoa litzateke: Gitarra eta pianoa jotzen Ibon RG sestaoarra (Eten, LeNoise eta beste mila proiektutan aritua) zeinarekin aurretik ere emanaldi batzuk eginak zituen jada, eta txeloan Maite Arroitajauregi (Mursego) eibartarra, eskarmentu eta sormen handiko musikaria.
Jokin Azpiazu Carballo, Okerreko



