Descripción
Bakarlari biluzia izan zen lehenik, dotoreziaz jantzitako banda gero eta egun gure mingain, bihotz, desira eta beldur ezkutuenen kutsatzaile bilakatu da Anari. Bere musika, ahots eta hitzek gure bizipenekin bat egin dute. Anariren kantuetako irlei bezela erraldoia eta gaindiezina iruditzen zaigu batzuetan gure inguruko ozeanoa. Basamortuko haitzak baino lehorrago eta latzagoa sentitzen da gure larruazala. Oinazez zaurituta eta desengainuz higatuta, lixazkoa bilakatu zaigula dirudi. Zebrak bezain bitxiak, arrotzak, eta apur bat irrigarriak somatzen ditugu gure bikoteak, lagunak, ezezagunak eta geure buruak ere. Baina badira uneak non ozeanoan murgiltzea plazer sentsuala bihurtzen dan, basamortuko gauean haitzek itzal majikoak eratzen dituzten eta zebrak misterioz betetako animalia eder liluragarriak iruditzen zaizkigun. Ez da erraza, ez gara errazak, baina zailtasun hori da gure bizitza hauspotu eta kitzikatzen duena. Gatazka horretan urratuak, ferekak, musuak, hitz goxoak eta mingarriak nahastu ditugu, aurrekari penalen moduan.
Anari abeslaria da gu guztion aurrekarien kronistarik zehatzena, barnekoena eta hunkigarriena. Disko berri honetako kontakizun eta irudien artean identifikazio osoko uneak ez
aurkitzea ezinezkoa da, beraz. Asaldagarriak batzuetan, baita lasaigarri edota suspergarriak ere. Euskeraz entzun eta entzungo dituzuen bikainenen artean beti.
Anari taldea da hitz horien musikalitatea bideratu eta estalpetzen duena. “Irla izan” borobildu zuen talde berbera. Ehundaka aurrekari penalen jakituria pilatzen duen laukote miragarria. Bolumenaren gurpiltxoa eta azeleradorea apenas ikututa, gitarra distortsionatuak eta piano zoragarriak milimetrora doituz eta crescendo hutsalen tranpan erori gabe era horretako intentsitate kiskalgarri eta pozointsua barreiatzeko jakituria oso handia behar baita.
“Aurrekari penalak” da beraz, Anariren disko berria. Aurrekari eta parekorik ez duena. Anariren disko batzu besterekin alderatzea zentzurik ez duelako. Anari gu gara, eta gu gara Anari, bereak egin gaitu bere musikak, gure baitan daude bere doinuak eta hortik ateratzen dira beti. Zebra bakoitzaren marra zuribeltzak ezberdinak diren legez: inperfektoak, bitxiak, liluragarriak eta ederrak beti.
Antton Iturbe
kazetaria



